3/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Euskal Unibertsitate Sistemarena

VI. TITULUA
KALITATEA EBALUATU ETA EGIAZTATZEA
LEHENENGO KAPITULUA
KALITATEA

78. artikulua.– Eginkizun partekatua
1.– Kalitatea sustatu eta bermatzea unibertsitate bakoitzaren eta unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailaren eginkizuna da, Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziari eta kalitatea ebaluatu eta egiaztatzeko beste agentzia batzuei esleitutako eginkizunen kalterik gabe.
2.– Kalitatea sustatu eta bermatzeko eginkizun hori honetara zuzenduko da: gizarte-eskariei etengabe egokitzera, unibertsitateko prestakuntzaren eskakizunei erantzutera eta prestakuntza horren prozedurak etengabe hobetzera.
3.– Helburu programatuekin zerikusia duten ebaluazio eta ikuskaritza sistemak, barnekoak zein kanpokoak, ezarriko dira. Programa-kontratuek beren ebaluazioa ahalbidetuko duten helburuak, adierazleak eta finantzaketa baldintzatua zehaztu beharko dituzte. Ebaluazioen emaitzak eta gomendioak agerikoak izango dira.

BIGARREN KAPITULUA
EUSKAL UNIBERTSITATE SISTEMAREN KALITATEA EBALUATU ETA EGIAZTATZEKO AGENTZIA
LEHENENGO ATALA
Izaera, araubide juridikoa eta eginkizunak

79. artikulua.– Izaera eta araubide juridikoa
1.– Honen bidez Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta egiaztatzeko Agentzia sortzen da, Zuzenbide pribatuko ente publiko gisa; unibertsitateen gaietan eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikita egongo da, eta berezko nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa izango ditu, bai eta bere eginkizunak betetzeko berezko ondarea ere, eta oro lege honetan ezarritakoarekin bat etorriz.
2.– Agentziaren estatutuak Eusko Jaurlaritzaren dekretu baten bidez onartuko dira, unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailburuak proposatuta. Estatutuek hau zehaztu beharko dute, gutxienean: agentziaren gobernu-organoen eginkizunak, organo-egitura, jarduteko arauak, haren egintzen aurka jotzeko araubidea eta haren ondare-erantzukizunaren araubidea.
3.– Agentziaren jarduera, kanporako harremanetan, Zuzenbide zibilaren, Merkataritza Zuzenbidearen eta Lan Zuzenbidearen pean egongo dira, oro har, ebaluazio-, egiaztapen eta ziurtatze egintzetan eta ahal publikoak erabiltzea dakarten egintzetan izan ezik, horiek Zuzenbide publikoaren pean izango baitira.
4.– Agentziako langileak bi eratakoak izango dira:
a) Berezko langileak, berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak begiratuz lan-zuzenbidearen pean kontratatutakoak.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetako langileak eta Espainiako unibertsitate publikoetako langileetatik berari atxikitzen zaizkionak.

80. artikulua.– Xedea eta eginkizunak
1.– Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziaren xedea da euskal unibertsitate-sistemaren eremuan kalitatea ebaluatu, egiaztatu eta ziurtatzea, nazioarteko europar eremua kontuan izanda.
2.– Agentziaren helburuak dira:
a) Euskal unibertsitate-sistemaren kalitatea hobetzen laguntzea, irakaskuntzaren edo ikaskuntzaren, ikerketaren eta kudeaketaren arloetan.
b) Gizarteari eta pertsonei informazioa ematea.
c) Administrazio publikoei eta unibertsitateei informazioa eta irizpideak ematea erabakiak hartzeko euren prozesuetarako.
3.– Helburu horiek eskuratze aldera, agentziak eginkizun hauek beteko ditu, kalitatea ebaluatu eta egiaztatzeko beste agentzia batzuei dagozkien eginkizunen kalterik gabe:
a) Unibertsitateen, goi-mailako irakaskuntzako ikastetxeen eta ikerketako unibertsitate-institutuen jardueren, programen, unibertsitate-zerbitzuen eta kudeaketaren kalitatea ebaluatu, egiaztatu eta ziurtatzea.
b) Ikasketa-planak edo horietan egin beharreko aldaketak onartu aurretik, beren kalitatea ebaluatu eta egiaztatzea.
c) Unibertsitateek eta goi-mailako irakaskuntzako ikastetxeek eskaintzen dituzten titulu ofizial eta berezkoak eskuratzeko ikasketen kalitatea ebaluatu eta egiaztatzea, baita goi-mailako unibertsitate-hezkuntzako atzerriko tituluak eskuratzeko ikasketak eskaintzen dituzten ikastetxeena ere.
d) Irakaskuntzen egiaztapena egitea, kalitatearen europar esparrua kontuan izanda.
e) Unibertsitateek beren kalitatea ebaluatzeko dituzten sistema eta prozedurak ebaluatu, egiaztatu eta ziurtatzea.
f) Unibertsitate publikoak irakasleak eta ikertzaileak kontratatu behar dituenerako, lege honek aurreikusten dituen txostenak ematea, horien merezimenduak ebaluatuz.
g) Irakasle irakurleak kontratatzeko txostenak egitea.
h) Txostenak egitea unibertsitateentzat, hezkuntza administrazioarentzat, gizarte eragileentzat eta, oro har, gizartearentzat.
i) Lege honetako 34. artikuluan Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileentzat aurreikusitako ordainsari-osagarriak esleitu ahal izate aldera, irakaskuntzako, ikerketako eta kudeaketako merezimenduak ebaluatzea.
j) Irakasle bakoitzak –funtzionario zein kontratatutako-arlo hauetan egin dituen merezimenduak baloratzea: euskara unibertsitateko jarduera guztietan benetan sartzeari begira egindako jardueretan, eta, bereziki, irakaskuntzako, zientzia gizartera zabaltzeko eta ikerketa-jarduera gizartera hedatzeko materialen prestaketa eta kudeaketan, orobat espezializatutako glosarioenean.
k) Publikoak ez diren unibertsitateetako irakasleen irakaskuntza eta ikerketa jarduera ebaluatzea.
l) Ikerketaren kalitatea ebaluatzea.
m) Ebaluatze-, ziurtatze eta egiaztatze ereduak hobetu eta berriztatzeko azterlanak egitea. n) Ebaluazioa eta kalitate-irizpideak nazioarteko eta Europako esparruan alderatuz sustatzea.
ñ) Hezkuntza-administrazioa, unibertsitateak eta gainerako erakundeak beren eginkizunen eremuan aholkatzea.
o) Unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailak eta unibertsitateek agindutako lanak.
p) Bere jardute-eremuarekin zerikusia duelako esleitutako beste edozein eginkizun.
4.– Beste autonomia-erkidego batzuetan, Estatuan edo atzerrian unibertsitateen kalitatea ebaluatu, egiaztatu eta ziurtatzeko eginkizunak dituzten beste agentzia batzuekin harremanak lotu ahal izango ditu agentzia horrek, elkarlanerako, lankidetzarako eta elkarren artean informazioa trukatzeko.
5.– Irakasleen egokitasuna zaintze aldera egindako prozeduretako probak jendaurrekoak izango dira, eta ezagutua izan dadin nahi den kategoria bereko edo goragoko irakasleez osatutako batzordeek epaituko dituzte; batzorde horietako kideen erdiak, gutxienez, ebaluatutako irakaslearenaz besteko unibertsitate publiko edo pribatuetan jardun behar du zerbitzu ematen.

BIGARREN ATALA
Egitura eta jardunbidea

81. artikulua.– Egitura 1.– Hauek dira agentziaren gobernu-erakundeak: administrazio-kontseilua eta zuzendaria.
2.– Agentziak adituen batzorde bat izango du kide anitzeko organo tekniko gisa.

82. artikulua.– Administrazio-kontseiluaren osaera
Honela osatuko da administrazio-kontseilua:
a) Kontseiluburua, unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailburua edo berak eskuorde izendatutakoa.
b) Agentziako zuzendaria.
c) Unibertsitateen gaietan eskumena duen sailburuak izendatutako hiru pertsona.
d) Lehendakariak izendatutako hiru pertsona ospekoak.
e) Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea.
f) Euskal unibertsitate-sistemako gainerako unibertsitateetako errektoreak.
g) Euskadiko Unibertsitate Kontseiluak izendatutako bost pertsona ospe jakinekoak. Administrazio-kontseiluko kideak ezin izango dira izan batzorde iraunkorretako kide, eta ezin izango dute inolako ebaluatze-, egiaztatze edo ziurtatze lanik egin.

83. artikulua.– Administrazio-kontseiluaren eskumenak
Administrazio-kontseiluari eginkizun hauek dagozkio:
a) Agentziaren estatutuak egin eta onartzea.
b) Agentzia zuzendu eta ordezkatzea eta agentziaren kudeaketa eta jarduera planak onartzea.
c) Ebaluazioa, egiaztapena eta ziurtapena egiteko irizpide edo adierazle orokorrak onartzea; irizpide edo adierazle horiek nazioartean onartuak izan behar dute. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira adierazleak.
d) Agentziaren aurrekontu-aurreproiektua onartzea.
e) Bere jardute-eremuarekin zerikusia duelako esleitutako beste edozein eginkizun.

84. artikulua.– Zuzendaria
Agentziako zuzendariak agentzia ordezkatu eta zuzendu egingo du; lanak agindu eta antolatuko ditu, eta, oro har, aurreko eginkizun horiek ahalik eta ondoen betetzeko behar dituen ahalak erabiliko ditu, bai eta estatutuetan esleitutako gainerako eginkizunak bete ere.
Administrazio-kontseiluko buruak proposatuta, administrazio-kontseiluak izendatuko du zuzendaria, sei urtetarako.

85 artikulua.– Adituen Batzordea
1.– Adituen Batzordea agentziaren izaera teknikoko kide anitzeko organo gisa eratzen da.
2.– Batzordeburu agentziako zuzendaria izango da, eta estatutuetan aurreikusitako osaera, eginkizunak eta jarduteko moduaren araubidea izango ditu.
3.– Agentziaren jarduera-esparru batzuetan eta besteetan onartutako ospea duten ikertzaile eta irakasleez osatua izango da, eta bateraezintasun-araubide zorrotz baten mende egongo dira.
4.– Ebaluazio, egiaztapen eta ziurtapen adierazle edo irizpideak sortuko ditu. Irizpide horiek objektiboak, agerikoak eta nazioarteko komunitate zientifikoak hartutakoekin bat datozenak izango dira.
5.– Ebaluazio, egiaztapen eta ziurtapen prozesuak inpartzialak eta objektiboak izan daitezen zainduko du.

86. artikulua.– Finantzaketa
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan jarriko dira agentziak bere eginkizunak betetzeko behar dituen baliabideak, eta hori ez da eragozpen izango agentziak beste diru-sarrera batzuk ere eduki ahal izateko, bere eginkizunak betez sortzen direnak barne.
Inolaz ere ez du dirurik jasotzerik izango, bere jardunagatik, ebaluatu beharreko entitateen eskutik.
Agentziarentzat lege honetan ezarritako araubide juridikoarekin bat etorriz, haren jardun ekonomikoa eta finantzazkoa zein haren kontuen kontrola Euskal Autonomia Erkidegoko dagokion araudiari egokituko zaizkio.

87. artikulua.– Ondarea
Eginkizunak betetzeko beharrezko dituen ondasun eta ondarea izendatuko ditu Jaurlaritzak agentziarentzat.
Agentziaren ondarearen araubidea Euskadiko Ondarearen Legeari egokitu beharko zaio.

88. artikulua.– Kode etikoa
Agentziaren jardueren objektibotasuna eta inpartzialtasuna bermatzeko, kode etiko bat ezarriko du. Kodea agerikoa izango da.


3/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Euskal Unibertsitate Sistemarena (EHAA, 50. Alearen Gehigarria, 2004ko martxoak 12, ostirala)

footer