3/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Euskal Unibertsitate Sistemarena

II. TITULUA
UNIBERTSITATE ERKIDEGOA

(…)

BIGARREN KAPITULUA
UNIBERTSITATE PUBLIKOKO IRAKASLE ETA IKERTZAILEAK
LEHENENGO ATALA
Xedapen Orokorrak

(…)

14. artikulua.– Irakasle eta ikertzaile kontratatuen kategoriak.
1.– Hauek dira irakasle eta ikertzaile kontratatuen kategoriak:
a) Irakasle osoa.
b) Irakasle agregatua.
c) Irakasle atxikia.
d) Irakasle lankidea.
e) Irakasle elkartua.
f) Irakasle bisitaria.
g) Irakasle emeritua.
h) Laguntzailea.

(…)

HIRUGARREN ATALA
Irakasle kontratatuen kategoriak eta horietara iristeko eskakizunak

19. artikulua.– Irakasle osoa.
1.– Irakasle osoen lanpostuetara iritsi nahi duten hautagaiek eskakizun hauek bete eta egiaztatu behar dituzte:
a) Doktore-titulua beharrezkoa duten unibertsitateko irakasle-kidegoetakoren batekoa izatea, edo lege honen arabera irakasle agregatua izatea, eta gutxienez hiru urteko esperientzia egiaztatzea unibertsitateko irakaskuntza eta ikerketa jardueretan.
b) Irakaskuntza eta ikerketa jarduera horien gaineko ebaluazio positiboa edukitzea, hain zuzen ere Gobernuak erregelamendu bidez ezarritakoa, Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziaren txostenaz edo Euskal Autonomia Erkidegoko araudiak onartutako antzeko erakunde batenaz egiaztatuta.
2.– Hautaketa-prozesuak hiru aldi izango ditu. Lehenengo aldian, hautaketa-batzordeari aurkeztuko zaizkio hautagaiak irakasle zein ikertzaile moduan eta bere lanbidean dituen merezimenduak eta historiala, eta batzordearekin horien gainean eztabaida egingo da. Bigarren aldian, batzordeari aurkeztu eta berarekin eztabaidatuko dira proposatutako irakaskuntza-programa eta ikerketa-proiektua edo proiektuak. Hirugarren aldian, bestalde, lanpostuari dagokion jakintza-arloko jatorrizko ikerketa-lan bat aurkeztu eta eztabaidatuko da.
3.– Mota honetako irakasleen kontratuek epe-mugarik gabeko iraupena izango dute.

20. artikulua.– Irakasle agregatua
1.– Irakasle agregatu izatera iritsi nahi duten hautagaiek eskakizun hauek bete behar dituzte:
a) Doktore-titulua izatea.
b) Gutxienez hiru urteko esperientzia egiaztatzea unibertsitateko irakaskuntza eta ikerketa jardueretan.
c) Irakaskuntza eta ikerketa jarduera horien gaineko ebaluazio positiboa edukitzea, hain zuzen ere Gobernuak erregelamendu bidez ezarritakoa Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziaren txostenaz edo Euskal Autonomia Erkidegoko araudiak onartutako antzeko erakunde batenaz egiaztatuta.
2.– Irakasle agregatu izatera iristeko probak hiru aldi izango ditu. Lehenengo aldian, batzordeari aurkeztuko zaizkio, eta berarekin eztabaidatuko, hautagaiaren merezimenduak eta ikasle, irakasle eta ikertzaile moduan duen historiala, baita irakaskuntzarako eta ikerketarako bere proiektua ere, dena delako jakintza-arloko gaietako edo espezialitateetako baten programa bornean dela. Bigarren aldian, batzordearen aurrean azaldu beharko da, eta harekin eztabaidatu, hautagaiak aurkeztutako programatik zozketaz ateratako hiru gaietatik bat, berak aukeratutakoa. Hirugarren aldian, batzordeari aurkeztutako jatorrizko ikerketa-lan bat eztabaidatuko da berarekin.
3.– Mota honetako irakasleen kontratuek epe-mugarik gabeko iraupena izango dute.

21. artikulua.– Irakasle atxikia
1.– Irakasle atxikiek irakaskuntza eta ikerketako eginkizunak betetzen dituzte. Karrera akademikoa hasten dutenentzat gordeko du unibertsitateak kontratazio- mota hau.
2.– Kategoria honetara iristeko, hauek behar dira:
a) Doktore-titulua izatea.
b) Euskal Herriko Unibertsitatearekin gutxienez bi urtez loturarik ez dutela izan egiaztatzea, ez kontratu bidez, ez estatutu bidez ezta beka bidez ere, eta aldi horretan unibertsitate horri lotuta ez dauden zentroetan egin dituztela irakaskuntza-lanak zein ikerketa-lanak edo doktore-titulua beste unibertsitate batek eman diela.
c) Lanpostua atxikita duen sailak emandako aldeko txostena, hautagaiaren irakaskuntzarako eta ikerketarako gaitasunaren gainean.
d) Irakaskuntza eta ikerketa jarduera horien gaineko ebaluazio positiboa edukitzea, Gobernuak erregelamendu bidez ezarritakoa, Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziaren txostenaz edo Euskal Autonomia Erkidegoko araudiak onartutako antzeko erakunde batenaz egiaztatuta.
e) Irakaskuntza eta ikerketa arloetako merezimenduak hautaketa-batzordeari azaldu eta berarekin eztabaidatzea, eta berdin kontratua indarrean den aldian egingo dituen irakaskuntza-programa eta ikerketaproiektua edo proiektuak ere.
3.– Unibertsitateak gehienez ere lau urterako kontratatuko ditu irakasle atxikiak, eta urte horiek ez dute zertan bata bestearen segidakoak izan. Kontratuak dirauen artean aita edo ama izatea gertatzen bada, erditu ondoko hamabi hilabeteak ez dira kontuan hartuko agindu honetan aipatutako muga-epe hori zenbatzeko.

22. artikulua.– Irakasle lankideak
1.– Unibertsitateak irakasle lankideak kontratatu ahal izango ditu irakaskuntza-lanak betetzeko, lizentziatu, arkitekto eta ingeniari nahiz unibertsitate-diplomadun, arkitekto tekniko edo ingeniari teknikoen artean, hala epe-mugarik gabe nola aldi baterako.
2.– Nolanahi ere, kategoria horretara iristeko, beharrezkoa izango da Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziaren edo antzeko erakunde baten aldeko txostena, erregelamendu bidez ezarritako eran egina.
3.– Epe-mugarik gabe kontratatu beharreko irakasle lankidearen hautaketa-proban, hautaketa-batzordeari aurkeztu eta berarekin eztabaidatuko da izangaiaren irakaskuntza-programa, eta, zehazki, zozketaz bere programatik ateratako hiru ataletatik berak aukeratutako atal bati buruzko azalpena eta eztabaida egingo da.

23. artikulua.– Irakasle elkartua
1.– Irakasle elkartuak zati bateko lanaldirako kontratatzen dira, irakaskuntza zehatzetan irakaskuntza-zereginak betetzeko ez beste ezertarako, beren lanbidejarduera unibertsitatetik kanpo betetzen dutela egiaztatzen duten gaitasun ezagutuko espezialisten artean hautatuta.
2.– Kategoria honetara iritsi ahal izateko, Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziaren aldeko txostena edo Euskal Autonomia Erkidegoko araudiak onartutako antzeko erakunde batena behar da, gaitasun ezagutuko espezialista dela esanez.
3.– Kontratu horien gehieneko iraupena hiru urtekoa izango da, nahiz eta kontratua amaitu ondoren, lanposturako deialdia egiten denean, hautagaiak beste kontratu bat lortu ahal izango duen irakasle elkartu moduan lanpostu horretan bertan zein besteren batean. Ez dago mugarik bata bestearen atzean kontratuak egiteko.

24. artikulua.– Irakasle emeritua eta irakasle bisitaria
1.– Unibertsitateak, bere estatutuetan ezarritakoarekin bat etorriz, irakasle emerituak kontratatu ahal izango ditu Euskal Herriko Unibertsitatean edo beste batean zerbitzu nabarmen aipagarriak egin dituzten irakasle erretiratuen artean, diren funtzionario edo kontratatuak, betiere hirurogeita hamabost urte baino gutxiago badute.
2.– Era berean, unibertsitateak irakasle bisitariak kontratatu ahal izango ditu aldi baterako, ospe zientifiko zein tekniko ezagutua duten irakasleen eta ikertzaileen artean, beste unibertsitate edo ikerketa-zentro publiko zein pribatu batzuetatik badatoz.
3.– Kontratuon iraupena hiru urtekoa izango da gehienez ere, nahiz eta kontratua amaitzean beste kontratu bat izenpetu ahal izango den. Irakasle emerituen kontratuak irakasleek hirurogeita hamabost urte betetzen dituztenean amaituko dira nolanahi ere, eta baldintza honen berariazko aipamena jaso behar da kontratuotan.

25. artikulua.– Bestelako irakasleak
Lanpostuen zerrendetako lanposturen bat hutsik gelditzen bada, bai heriotzaren bat gertatu delako edo beste arrazoiren bat egon delako, bai lizentzia izateagatik zein legean aurreikusitako beste edozein arrazoirengatik norbait kanpoan delako, eta lanpostu hori atxikita dagoen jakintza-arloko irakasleek irakaskuntzako premiei erantzun ezin badiete, unibertsitateak ordezkoak kontratatu ahal izango ditu, behar den beste denborarako, aplikatzekoa den lan-kontratuarekin bat etorriz, betiere plantillen taxuketa orok eskatzen duen arrazionaltasuna, eraginkortasuna eta eragimena kontuan hartuta.

LAUGARREN ATALA
Kontratatu gabeko ikertzaileak

26. artikulua.– Kontratatu gabeko ikertzaileak
1.– Ikertzaile hasiberriak, hain zuzen, euskal unibertsitate-sistemako doktoretzako bekadunak izango dira; hala ere, hori ez dute oztopo izango laguntzaile gisa kontratatu ahal izateko. Unibertsitateek bere barnearaudian ezarritako eskubideak eta betebeharrak izando dituzte, eta, hala dagokionean, ondorengo gaietan: hautaketa, bekaren iraupena, osasun eta istripu estaldura eta beren prestakuntzari inolaz ere kalterik ekarriko ez dioten ikerketa eta irakaskuntzako jarduera osagarrietan lankidetzan aritzea.
2.– Ikertzaile esperientziadunak, hain zuzen, itun, hitzarmen edo bestelako lankidetza-mota baten bitartez unibertsitatean ari diren doktore ikertzaileak izando dira. Indarrean dauden arauetan eta unibertsitate bakoitzaren estatutuetan ezarritako baldintza eta eskubideekin bat etorriz atxikiko zaizkio unibertsitateari.

27. artikulua.– Ikertzaileak kontratatuak
1.– 14.1 artikuluan aipatutako irakasle-kategoriei ere ikertzeko eskumena aitortzen zaien arren, ikertzaile kontratatuak, doktore ikertzaileak eta ikerketako irakasleak ikerkuntzan arituko dira batez ere.
2.– Ikertzaile kontratatuak kontratatu aurretik, beharrezkoa izango da Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziak aldeko ebaluazioa egitea, Euskadiko Ikerketa Kontseiluarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoan horretarako leudekeen beste erakundeekin koordinatuta.
3.– Ebaluatu eta Egiaztatzeko Euskadiko Agentziak akreditatutako hautagaiak kontratatzeko, unibertsitateak araudi bat egingo du, gardentasuna ziurtatze aldera.
4.– Doktore ikertzaileek irakasle agregatuek dituzten eskubide berak izango dituzte. Ikerketako irakasleek ere irakasle osoek dituzten eskubide berak izando dituzte.

(…)

ALDI BATERAKO XEDAPENAK

Bigarrena.– Unibertsitateen gaineko 6/2001 Lege Organikoa indarrean sartzean denbora osoko irakasle elkartuak zirenak.
Lege hau indarrean sartzen den unean denbora osoko dedikazioko irakasle elkartu edo irakasle elkartu doktore bezala kontratatuta dauden Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak irakasle lankidea edo irakasle atxiki bezala kontratatuak izango dira, beren doktore-egoeraren arabera, baldin eta unibertsitate horretan gutxienez bost urtean irakasle edo ikertzaile lanetan aritu direla egiaztatzen badute eta Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziaren aldez aurreko txostena baldin badute.
Lege hau indarrean sartzen den unean kontratatuak izan arren aurreko lerroaldean ezarritako denbora-baldintza egiaztatzen ez duten Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak, edo antzinatasun hori izan arren legea indarrean sartzean Euskal Herriko Unibertsitateak kontratatuta ez dauden irakasleak, aldi baterako irakasle lankide moduan edo irakasle atxiki moduan izando dira kontratatuak, beren doktore-egoeraren arabera. Legea indarrean sartzean kontratatuta ez dauden irakasleei dagokienez, xedapen honek bi urteko indarraldia izango du, lege hau argitaratzen denetik kontatzen hasita. Horiek guztiek Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzien ebaluazioa pasa beharko dute, beren titulazioaren arabera kontratatu iraunkorren figura batzuetara edo besteetara iritis ahal izateko.


3/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Euskal Unibertsitate Sistemarena (E.H.A.A., 2004.03.12an)

footer